2007-12-27

JOLAS SINBOLIKOAK

Gauzei, pertsonei, ekintzei edota gertaerei esanahi berriak ematen dizkieten jolasak dira. Gertaerak irudikatzen ditu eta rolen bidez eta asmatutako edo egiazko pertsonaien bidez, eszena sinesgarriak interpretatzen ditu. Helduen imitazio jokoa da.

Jolas mota hau 2 urte ingururekin erabiltzen hasten da eta haurra adinean aurrera joan ahala, gero eta konplexuagoa da. Lehen urteetan gertuko bizimoduan oinarritzen da (mutil-neska kontzeptuak, familia, animaliak, eskola, etxea, jostailuak…), eta gero, urrunago dauden inguruetan (irakasleak, gizarte rolak, fikziozko pertsonaiak…). 8 urtetik aurrera jolas sinbolikoaren garrantzia gutxitzen hasten da.
Jostailu hauen adibide dira pelutxeak, musika tresnak, super-heroiak, mozorroak eta modu batera edo bestera nagusien mundua errepikatzen duten jolas guztiak.

Jolas sinbolikoak oinarrizkoak dira haurrek gure ingurua uler dezaten. Jolas hauekin zer dagoen ongi eta zer gaizki ikasi eta praktikan jartzen dute eta berdin gertatzen da gizartean ezarrita dauden rolekin ere. Lengoaiaren garapena jolas mota honekin lotuta doa, jolasten ari direnean gauzak hitzez adierazten baitituzte. Irudimena eta sormena ere bultzatzen ditu jolas sinbolikoak. Garrantzizkoa da zein rol mota imitatzen dituzten lantzea, sexismoa eta lehiakortasuna bezalako balore negatiboak ez sustatzeko.

No hay comentarios: