2007-12-27

ERAIKUNTZA JOLASAK

Lotu beharreko piezak dituzten jolasak, muntaia jolasak eta antzekoak sartzen dira eraikuntza jolasen multzoan. Jolas mota hau eraikitzeko helburuarekin egiten da eta eraikuntza hori koordinatutako hainbat mugimendu eta ekintzen bidez lortzen da.

Bizitzako lehen urteetan eraikuntzak oso sinpleak izaten dira, eta askotan, pertsona heldu baten laguntza behar izaten dute. Adinean aurrera joan ahala, eraikuntzak landuagoak dira eta beharrezkoa izaten da jostailuaren egileak emandako azalpenei jarraitzea. Jolas mota hauen adibideak dira puzzleak, mekanoak, eraikitzeko maketak eta emaitza jakin bat lortzeko piezak elkartu edota pilatu behar diren jolasak.

Eraikuntza jolasek begien eta eskuen arteko koordinazioa suspertzen dute, baita formen eta koloreen bereizketa, arrazoibidea, leku antolaketa, arreta, gogoeta, memoria logikoa, kontzentrazioa, pazientzia eta azalpenak jarraitzeko gaitasuna ere. Autoestimuari mesede egiten diote eta norberak bere burua gainditzen laguntzen dute.

No hay comentarios: