2008-01-21

Ipuinak (Power Point)

Hona hemen ipuinei buruzko Power Point interesgarri bat:

Leer más...

Jolasak sarean

Jolas faltarik ez dago mundu honetan, baina internet-en, euskaraz aurkituko ditugun jolas bildumak oso urriak dira beste hizkuntzatan aurkitu daitekeenarekin konparatuz. Hala ere, geroz eta liburu-bilduma eta multimedia material gehiago dago horren inguruan.


Internet-eko euskarazko jolas bildumarik handiena http://www.aisia.net/ en aurkituko dugu. Oso ezaguna da eta web orrialde askotako loturetan agertzen da. Azalpenak argiak eta laburrak dira; gainera, abestiak deskargatzeko aukera dugu.

Baina horrez gain, badaude beste batzuk: www.saretik.net/ostadarra adibidez, eskola ezberdinetako HH eta LHko haurrek osotutako orria da. Bertara, jolasak ez ezik, ipuinak, atsotitzak... bidaltzen dituzte.

www.ulibarri.info/a/deo/dok/ikasle/jolas3 beste bildumatxo bat dugu. Ez daude sailkatuta, azalpenak ez dira nahikoa luzeak batzutan eta ez dugu abestirik eskuratzeko aukerarik, baina agian interesatzen zaizuen zerbait aurki dezakezue.

Leer más...

Katalin neguan (Power Point)

Hemen duzue multimediako lanean Power point bidez egin genuen ipuina:

Leer más...

2008-01-14

Katalin neguan (grabaketa)

Multimediako lanean, ipuina 7 urteko neskato batek kontatzen du. Hemen duzue grabaketaren zati bat:

http://www.youtube.com/epixpi


Leer más...

2007-12-27

ARAU JOLASAK

Arau jolasek jarraitu beharreko azalpenak edota arauak dituzte eta parte hartzaileek horien berri izan eta onartu egin behar dituzte, aurreikusitako helburua lortzeko.

4 urte ingururekin hasten dira lehenengo arau jolasak. Hasieran gaitasun jolasak izaten dira, baita asoziazio eta arreta jolasak ere, eta askotan heldu baten edo zaharragoa den haur baten laguntza behar izaten dute. Haurra helduagoa denean, mahai jolasak izan ohi dira multzo honetan sartzen direnak (dominoa, bikoteak, tribiala…), baina bestelako arau jolasak ere badira. Hala nola, punteria jolasak, mahai-futbola…

Arau jolasak funtsezkoak dira gizarteratzeko elementu moduan, haurrei galtzen eta irabazten, euren txanda eta arauak errespetatzen eta euren lagunen ekintza eta iritziak kontuan hartzen erakusten baitiete. Gainera, bestelako ezagutzak eta gaitasunak ikasteko ere oinarrizkoak dira. Lengoaiaren, memoriaren, arrazonamenduaren, arretaren eta gogoetaren garapena bultzatzen dute.

Leer más...

ERAIKUNTZA JOLASAK

Lotu beharreko piezak dituzten jolasak, muntaia jolasak eta antzekoak sartzen dira eraikuntza jolasen multzoan. Jolas mota hau eraikitzeko helburuarekin egiten da eta eraikuntza hori koordinatutako hainbat mugimendu eta ekintzen bidez lortzen da.

Bizitzako lehen urteetan eraikuntzak oso sinpleak izaten dira, eta askotan, pertsona heldu baten laguntza behar izaten dute. Adinean aurrera joan ahala, eraikuntzak landuagoak dira eta beharrezkoa izaten da jostailuaren egileak emandako azalpenei jarraitzea. Jolas mota hauen adibideak dira puzzleak, mekanoak, eraikitzeko maketak eta emaitza jakin bat lortzeko piezak elkartu edota pilatu behar diren jolasak.

Eraikuntza jolasek begien eta eskuen arteko koordinazioa suspertzen dute, baita formen eta koloreen bereizketa, arrazoibidea, leku antolaketa, arreta, gogoeta, memoria logikoa, kontzentrazioa, pazientzia eta azalpenak jarraitzeko gaitasuna ere. Autoestimuari mesede egiten diote eta norberak bere burua gainditzen laguntzen dute.

Leer más...

JOLAS SINBOLIKOAK

Gauzei, pertsonei, ekintzei edota gertaerei esanahi berriak ematen dizkieten jolasak dira. Gertaerak irudikatzen ditu eta rolen bidez eta asmatutako edo egiazko pertsonaien bidez, eszena sinesgarriak interpretatzen ditu. Helduen imitazio jokoa da.

Jolas mota hau 2 urte ingururekin erabiltzen hasten da eta haurra adinean aurrera joan ahala, gero eta konplexuagoa da. Lehen urteetan gertuko bizimoduan oinarritzen da (mutil-neska kontzeptuak, familia, animaliak, eskola, etxea, jostailuak…), eta gero, urrunago dauden inguruetan (irakasleak, gizarte rolak, fikziozko pertsonaiak…). 8 urtetik aurrera jolas sinbolikoaren garrantzia gutxitzen hasten da.
Jostailu hauen adibide dira pelutxeak, musika tresnak, super-heroiak, mozorroak eta modu batera edo bestera nagusien mundua errepikatzen duten jolas guztiak.

Jolas sinbolikoak oinarrizkoak dira haurrek gure ingurua uler dezaten. Jolas hauekin zer dagoen ongi eta zer gaizki ikasi eta praktikan jartzen dute eta berdin gertatzen da gizartean ezarrita dauden rolekin ere. Lengoaiaren garapena jolas mota honekin lotuta doa, jolasten ari direnean gauzak hitzez adierazten baitituzte. Irudimena eta sormena ere bultzatzen ditu jolas sinbolikoak. Garrantzizkoa da zein rol mota imitatzen dituzten lantzea, sexismoa eta lehiakortasuna bezalako balore negatiboak ez sustatzeko.

Leer más...

ARIKETA JOLASAK

Jolas sentsoriala eta mugimenduzkoa, ariketa egitea edota berehalako emaitzak lortu eta eragitea helburu duten errepikapenezko jolasak dira. Haurrak egiten dituen lehenengoak dira, koska egin edota kolpeak jotzea esaterako, eta jostailuekin zein jostailurik gabe egin daitezke. Ekintza behin eta berriro errepikatzean datza jolasaren xarma. Hiru urtetik aurrera jolas hauek gaitasun eta mugikortasun ekintzekin lotzen dira. Horien artean daude bizikleta, pilota, eskujokoak, ziba…

Ariketa jolasek hainbat gaitasun garatzen lagundu eta zentzumenen garapena bultzatzen dute, hainbat mugimendu eta desplazamenduren arteko koordinazioa errazteaz gainera. Era berean, kausa-efektu gertaera ulertzen eta lehen arrazoibideak egiten laguntzen dute. Norberak bere burua gainditzeko lagungarri dira, zenbat eta gehiago praktikatu, hobea izaten baita emaitza.

Leer más...

2007-12-04

Durangoko Liburu eta Disko Azoka


Gaur eman zaio hasiera Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 42.edizioari.

Gerediaga Elkarteak antolatzen du azoka urtez urte, 1965. urteaz geroztik. Gaur egun ez da azoka bat soilik, are gehiago, euskaldun guztion topaleku bihurtu da eta bertan izaten dugu urtero zita. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka euskara eta euskal kulturaren erakustoki erraldoi eta gure kulturaren jai nagusi bihurtzen da urtero abenduaren hasieran. Bertan biltzen dira mota guztietako idazleak, abeslariak, irakurleak, gizonak, emakumeak, pertsona nagusiak, gazteak... eta baita haurrak ere.

Azoka aukera paregabea da umeentzako euskarazko materiala eskuratzeko, hala nola, musika, liburuak eta jolasak.

Beraz, gaurtik hasi eta abenduak 9ra arte Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokara hurbiltzera animatzen zaituztet!

Leer más...

2007-12-03

JOLASAREN GARRANTZIA

Jolasa denbora galtzearekin lotzen ziren garaiak atzean geratu dira. Egun, hezitzaile eta adituen artean jolasaren garrantzia askotan nabarmentzen da. Jarraian, hizkuntza, kultura, gizarte eta haurren garapenerako jolasak duen garrantziaz arituko naiz.

JOLASAK, HIZKUNTZAREN NORMALIZAZIORAKO TRESNA

Jolasa, ekintza askea izateaz gain, ezagutzak oharkabean jasotzeko tresna ezin hobea da,hizkuntza barneratzeko tresna, besteak beste. Alde batetik, hizkuntza formala lantzeko erabil daitekeen teknika da; baina, batez ere, hizkuntza ez formala sustatzeko da baliagarria. Hau da,euskara kalera ateratzeko modu bat da.

Nabarmentzekoa da jolasaren bitartez hizkuntzaren erabilera ludikoa ahalbidetzen dela; horrek berebiziko garrantzia du hizkuntzaren normalizazio prozesuan. Euskaraz jolas egiten ondo pasatuko du haurrak, gustura sentituko da, eta jarduera dibertigarriekin lotuko du euskara. Gainera, euskarak, normalizazio prozesua gauzatzeko, bizitzaren arlo guztietan presentzia behar du, baita jolasetan ere. Haurrak ikusi behar du euskara bizitzako esparru guztietan erabil dezakeela, ez duela erdal erregistroetara jo beharrik jolasteko behar dituen esamoldeak edo esaerak aurkitzeko.

JOLASAK, KULTURAREN TRANSMISIORAKO TRESNA

Jolasteko moduaren bidez herri baten identitatea transmititzen da; eta, haurren artean, kultura sormen eta transmisio handiena jolastuz bideratzen da. Euskal jolasek Euskal Herriko ohiturak ezagutzeko aukera ematen dute: garai batean zertan eta nola jolasten ziren, zer baliabide erabiltzen zituzten, non jolasten ziren…

Beste hainbeste esan daiteke jolas jarduera horietan erabiltzen ziren esaera eta esamoldeei buruz, abesti, dantza eta ipuinei buruz, horietako asko erdaraz erabiltzen baitira egun. Beraz, eta laburbilduz, euskal jolasak Euskal Herriko historia hurbila ezagutzeko bide zuzena direla esan daiteke.

JOLASEN GIZARTE BALIOA

Hainbat arrazoi medio (gutxiago jolasten dute haurrek herri edo auzoetako karriketan, jostailuen merkataritzak eragin basatia du, lehiakortasun akademikoen gizarte delakoan bizi gara…), jolas libre edo bat-batekoa desagertzen joan da. Orain dela denbora gutxi arte erabiltzen ziren jolasak galtzen joan dira, transmisio naturalaren katea eten egin baita (familia,kalea), eta gehienek oso gune zehatzetan eta ozta-ozta iraun dute.

Produktibitatea helburu dugun gizarte honetan, helburua produktu bat sortzea ez duen beste edozein jarduera denbora galtzetzat hartzen da. Horixe da aisialdiak eta jolasak apurtu nahi duen uste okerra, jolasa denbora irabazteko bitarteko bat baita. Euskal jolasa ezkutuan dagoen altxortzat jo daiteke, eta altxor horrek jolaserako espazioa eta denbora berreskuratu eta jolasak sortzeko gaitasuna sustatzeko aukera emango digu.

JOLASAK, HAURRAREN GARAPENERAKO TRESNA

Helduen ikuspegitik, jolasa garrantzi handiko elementua da haurraren garapenaren hainbat alderdi lantzeko. Jolasa garrantzizkoa da haurraren gorputzaren hazkuntzan.

Jolasak gauzak aurkitzen eta esperimentatzen ere laguntzen du. Haurrak distantzia eta espazioa kalkulatzen ikasten du, gauzak eta jostailuak manipulatuz; eta euren forma, neurri, tenperatura eta bestelako elementuez ohartzen da. Pentsamendua ordenatzeko ere lagungarri da. Haurra denboran kokatzen da, espazioaren nozioak barneratzen ditu, bere hipotesi propioak egiaztatzen ditu, eta ezagutzak lantzen ditu. Azkenik, balio terapeutikoa ere izan dezake. Egunerokotasunetik ihes egiteko aukera ematen du, eraberritzea eragiten du, eta gordeta dagoen energia guztia askatzen laguntzen du.

Leer más...